Hobesegi
Programa
Sortzetiko ezgaitasuna edo gaixotasun edo lesio baten ondorioz ezgaitasun hartua duten pertsonen beharrei erantzuten dien programa, AKTIBAZIOTIK abiatuta bizi-kalitatea hobetzeko xedea duena, autonomia maila handiagoa lortzeko osasun eta jarduera fisikoko ibilbidea eskaintzen diena.
Norentzat
Ezgaitasun egoeran dauden pertsonei zuzenduta dago zerbitzua. Lehentasuna izango dute baliabide ekonomiko eta mendekotasun handia dituzten pertsonek.
-
Istripu eta/edo gaixotasun baten ostean zerbitzu publikoetan hasitako errehabilitazio-aldia amaitu behar duten pertsonak.
-
Ez-aktibo izateari uzteko, jarduera fisikoko pautak behar dituztela eta, inflexio-puntuan dauden pertsonak.
-
Istripu edo gaixotasun baten ostean kirola egiten jarraitu ahal izateko berregokitze funtzionala eta/edo kirolekoa behar duten pertsona kirolariak.
-
Aurrerago jarduera fisikoa gertuagoko udalerri edo inguru batean egiteko pauta eta ariketa laburren programak behar dituzten pertsonak.
Lan-metodologia
Urtean zehar irekita jarraitzen duen deialdia egiten da, parte-hartzaileari eskaintzen zaion laguntza estaltzeko dauden baliabide ekonomikoan oinarrituta. Kasu bakoitza inklusio irizpideen arabera baloratu ondoren, aktibatu nahi duen pertsonak bere neurrira egindako ibilbideari ekingo dio, bere gaitasunetan eta errehabilitazio beharretan oinarrituta. Programa Hegalak Kirol Zentroan egiten da, teknikari espezialistek, fisioterapeutek eta kirol sendagileek eratutako diziplina anitzeko talde batekin koordinatuta. Xedea autonomia da eta, Gipuzkoako beste udalerri batzuetako pertsonen kasuan, gertuen dituzten aisialdi eta kirol baliabideak erabili ahal izatea.
Programari esker, gainera, ezgaitasunen bat duten pertsonen zaintzaileek “arnasgune” bat izango dute, familia osatzen duten guztien bizitza-kalitatea eta osasuna hobetze aldera. Programak irauten duen bitartean, eta programaren erabiltzaileak aktibo dauden bitartean, zaintzaileek kirol instalazioak erabili ahal izango dituzte dohain.
Esperientzia Talde bat dugu, bizkarrezur-muineko lesioak dituzten pertsonentzako topagune bat, informazioa eta esperientziak partekatzeko eta sozializatzeko. Esperientzia beti da gradu bat, eta hainbat lesio eta errehabilitazio-ibilbide dituzten pertsonen arteko bilera horiek lagundu egiten dute desgaitasunari buruzko ikuspuntuak trukatzen eta eguneroko bizitza nola landu jakiteko.
Sareak
HOBESEGI Gipuzkoako Foru Aldundiak Gipuzkoako gizartea AKTIBOAGO izateko martxan jarritako Jarduera Fisikoko eta Osasuneko programaren parte da. Horri esker, osasun zerbitzuetatik (arreta primarioa) eta gizarte zerbitzuetatik zeharkako deribazioa du, eta Gipuzkoako udalerrietan eta Donostiako polikiroldegietan orientazio-zerbitzua du.
Kirol Egokituaren Gipuzkoako Federazioarekin batera, deribazio eta orientazio horren zati bat egiten da, eta kirol katak ere egiten dira egokitutako kirola hobetzeko aukera gisa eta aktibazioa bizimodu gisa sustatzeko.